2010/04/21

47. Pasartea


Parkeko bide-zigorretan gaindi zoazelarik, eskutik bata besteari helduta, poliki poliki. Theresa jabaldu zen. Neska-mutil bi irudi, horrela zebiltzalarik, gizonak kontatu zizkion haurrari haren geroari buruz erabaki zituenak: «Oraindik denbora labur batentzat eskolan utzi behar bahaut ere —ez luzaz ordea— oraindanik ni neuken hire irakasle bakarra; nik daunat irakatsiko ikasi behar dunan guztia, eta eskolan besteengandik ikasiak oro ahaztu beharko ditun... Eta gaurgero, Theresa, ni izanen naun hire aita eta ama, hire senide eta ahaide, hire lagun bakarra. Nahi dinat enekin baizik ez hadila ibil, ez dinat nahi nitzaz kanpo beste ezagunik izan dezanan... Zin egiten dautan enekin bakarrik egonen haizela beti?». «Bai, zin egiten dauat», erantzun zion haurrak bere bihoztxo guztia agintza horretan ezarriz, eta gizonak musu bat eman zion ezpainetan, saritzat gerorako agintza bat zen musu hori bera. Gautu arteraino egon ziren parkeko etxola barruan paseatzen — Theresaren zorigabe eskergari bezperan aterbe eman zion etxola hartan... Eta etsera itzuli zirenean azkenekotz, ba zekiten elkarren berri sekula aurretik jakin zuten baino areago.
Afal-ostean, hamarrak irian zirela, Theresa artegaturik agiri zen. Noizetik noizera gizonari so egiten zion, galdekor, eta lotsa batekin begietan. Theresa xikia, ez lotsarik izan, ez beldur izan, ez al dinat erabaki hi izanen haizela ene nagusi, ez ni hirea, aukera hik beti izanen dunala?... eta gora esan zion: «Ohera joan haiteke, Theresa, nik oraindik ba dinat lan egiteko» eta haurrak esker onezko begirada bat egin zion salatik ateratzean. Atera baino lehen, eskatu zion baimena ohean irakurtzeko hura etorri artean, eta irribarre batekin eman zion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario