2010/04/21

86. Pasartea


Ikusmena hel bazainbatean zabaltzen zen haien aitzinean ondar zuri mehea. Itsas-enarak baizik ez zituzten jakile izanen... iherilaririk ez ontzirik ez zen ikusten haien oinetaraino atseden hartzera zetorren itsaso bortitz eta ezti, bazterrik eta ondorik gabeko hartan; eta haren beteak izuz eta herriminez batera jotzen zuen aita besoetakoa... baina Theresa aurrera zoan lehena; eta beldurrez ez zuelakotz erakusten haurrak, ahalgez eta urguiluz bihotza gainezka zedukan gizonak, atzetik zerraiolarik. Theresa orain gidari, bai... Haren nahi gurena egin zedila.Plaia hartako gunerik baztertuen, ezkutatuen, itsaso zabalari hurbilenera iritxi zirenean ere, haurrak zituen lehenik udako jantzi arinak kendu; eta gorputz zuria biluzik erakutsi zionean, bere ahultasunean hain hukigarria, bere ahaltasunean hain jauretsia, gizonak areago ez zekien etsipenez negar-garraisiaka hasi, ala zorionaren onaz belaunikatu eta Izatea benedikatu behar zuenetz... Baina Theresa haiduru zen — orain, lehengo aldikotz beharbada, den mendren lotsarik gabe haren soari eta haren irritsari eskainirik izanaz... Theresa haiduru zen, begi nabarrak samurtasunez beteak hari buruz jasorik, bera ere desbeztitzen zelarik —haur-beldurriz ez— ironiarik agertu gabe haren gizontasun anker eta arrontarengatik. Itsasoak eta zeruak esmaltezko zola bat egiten zioten neskatoaren gorputzeko urreari. Soa bazkatzen eta asetzen zuen aita besoetakoak hainbat edertasunez, hainbat urrezkotasunez... Ez zen deliberatzen urrats bakar batez ere haren gana hurbiltzera, eta horrela egonen zen munduaren azkeneraino... edo itsaso zabala bere oguz haien harrapatzera etorriko zen arteraino... Bere elkar-jaurespideko azkenengo eginkizuna egitekoa zen, ordea, ez zuen atzeratzerik!

No hay comentarios:

Publicar un comentario