2010/04/21

35. Pasartea


Haren aldamenetik iragatean, galdegin zion mokorki: «Ba al dakin non den Theresa?». Neskameak bihotz-gainean zedukana esatera zoan, baina gizonaren begietan erretzen zuen su basaren beldur izan zen noski, eta erantzun zion: «Parkean barrura ikusi dizut joaten...». Parkeak itsasorako bidera ematen zuen. Zoro bat bezala lasterka abiatu zen alde hartara. Bidera heldu baino lehentxeago, ordea, ezinagoko poz bat hartu zuen haren bihotzak ezen, ez urruti, haur baten negarrak ezagun ziren. Parkearen azkenean, bideari hurbil, oholezko etxola bat zegoen, han, eguraldi xarretan, egoten baitziren sarri bera eta alaba besoetakoa, amets egiten edo irakurtzen, edo bazterrei so. Aterik ez zedukan delako etxolak, eta aitzinera heltzean ikusi zuen Theresa barruan, lurrean eserita, aurpegitxoa eskuekin estalirik, negar-zotinka. Hurbildu zitzaion eta haren ondoan jarri zen, amultsuki ziotsalarik: «Theresa! ni naun, ez negarrik egin...» eta nahi zion begitartea estalgabetu eta besoa lepo-inguruan ezarri. Baina haurra bihurtu zen eta esan zion mutiri: «Utzi nazak!» Bortxaz kendu zizkion eskuak aurpegiaren gainetik eta begietara so egiten ziola mintzatu zitzaion berriz ere: «Ni naun, Theresa barka iezadan pena egin badaunat» eta haurra beti ere etsai zitzaiolako bihotza erdibiturik eta haren aldera inguratu nahi ez zela ikusirik, belarrira murmurikatu zion: «Isabela joana dun, inoiz ez dun itzuliko!» Aldi honetan Theresak burua eraiki zuen, haren begiak oraindik mesfidakor ziren, baina itxaropen-leinuru bat hasi zen haietan argitzen — argi hori eguzkia baino berogarriago izan zitzaion gizonaren bihotzari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario