2010/04/21

61. Pasartea


Gizonak luzaro so egin zion, forogatuz, eta azkenean esan zion, geldiro: «Asmo bikaina duzu... Zenbat hartuko zenuke lan-saritzat?».
—«Oh! ez dizut dirurik nahi, sekula ez ditizut ene tabolak saltzen. Zure alaba besoetakoari dirua hartu niozun, bai bainekien atsegin ziola ordaintzeak, baina zuri itzuliko dautzut orain... Biak pintatzen bazaituet, edozein gauza xiki aski dateke ordaintzekotz, liburu bat, edo apaidu bat jatetseren batean, edo...». Gelditu zen, eta gizonak begiratu zion, artega. «Edo nahiago baduzu, zuen bien historia konta diezakedazu lanaren sari», amaitu zuen, botza apalduz. Elkarri so egin zioten, isilik, eta gizonak, bere gogoaren asalduragatik eta guztiz ere, ikusi zuen bestearen begiak zindo zirela, eta zoargi. Halarik ere, ez zion behingoan deus erantzun nahi izan. Bere godaleta hustuta, esan zuen: «Barka iezadazu utzi behar bazaitut orain. Berandu duzu, eta Theresarengana behar dizut. Berriz ikusiko dizugu elkar». Eta agurtu ondoren, joan zen antzelaria.
Gelan sartu zenean gogoa oraindik urduri eta nora-ezean zedukan, baina bihotza baketu zitzaion. Theresa idaz-mahaian eserita zegoen; mahai-gaineko lanpara xikiak ozta argitzen zuen gela haren baranoan. Ezer egin edo esan gabe atean zegoelarik, hura baizik ez zekusan gizonak. Uste zuen negar eginen zuela haurrak gelan bakarrik gelditu zen artean... Baina ez; begiak ez zituen umi ez gorri... aitzitik, dirdai alai batek argiturik ziruditen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario