2010/04/21

73. Pasartea


Gehiago edan behar zuen, ordea, begietako eta bihotzeko su hori ez zekiontzat itzal, etsipenaren hatzamar izoztuen harrapakin herriz ere haren bihotz zoroa utziz. Godalet bat pattarrez bete eta zurrut batez hustu zuen... gero, lasai-lasaia, ukaldi batekin lurrera aurdiki zuen. Kristal hautsiaren hatsak erakarririk, berehala etorri zen neskamea; godalet-apurrak eta edari isuria lurrean ikusi zituenean, sukaldera joan zen atzera zapi baten bila, ez ordea etseko jaunari so galdekor bat, erdi-beldurtua, egin gaberik... Soa itzuli zion gizonak, baina deusik ez agertuz bere aurpegian, arrotz bat edo ez-ezagun bat ikusi izan balu bezala, eta berak jakin ez balu bezala non zegoen eta zer gertatu zen. Baina neskamea hauskinak biltzen ari zelarik lurrean belaunikaturik, zihorra hartuta, behingoan bat, bia, hiru, lau ukaldi eman zizkion burutik behera begitartean zeihar... Orroa batekin eta guztiz latz-ikaraturik ukaldiei utziri ahal izan zienean atsoak, nagusiak irkaitzez galdegin zion: «Hau ere salatuko ote diozu jendeari?» eta gaineratu zuen, zihorra mehatxuz astinduz otseinaren buruaren gainetik: «Eginahala egizu hala non hemendik ordubete batera ez zaitezen gehiago ene etsean izan, eta ez zaitzadan berriz sekulan hemen ikus! Postaz igorriko dautazu zenbat zor dautzudan — ordaindurik nahi izateko aski bekokirik baldin baduzu bederen...». Negar-zotinka hasi zen neskame zaharra... hainbat urte ba ziren etse hartan zegoela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario