2010/04/21

69. Pasartea


Neskamea baizik ez zitekeen salatari izan... edozer heldurik ere, hark behintzat bere irabazia eraikiko zuela erabaki zuen gizonak bere bihotzean. Gusuak amaitzen zuen: «Ikusten duzu beraz hobe duzula bihurtu gabe amore eman, guztiontzat laketago izanen da-eta...».
«Ez, oh! ez», oihu egin zion gehiago lasai ezin egonaz mehatxu izugarriaren aurrean. «Ez dizut Theresa joatera utziko, berak ere ez nizu utziko zuk eta zu bezalakoek nahi duzuena eginik ere gure kontra». Arrotza jaiki zen, zurbildurik. «Damu dizut, zion delako azal-utsak, damu dizut ikusiz ez zarela zentzatu nahi. Hauxe baizik ez dautzut esanen: Theresa eskolatik aske izanen duzu hemendik hamar egunen buruan, orduan etorriko nauzu haren bila eta udako oporrak gurekin iraganen ditizu, besteak bezalako etse batean, besteak bezalako jendeen artean; eta datorren udazkenean kolejio serios batean ezarriko dizugu; han, agian, zurekin ikasiak eta eginak ahaztuko ditizu, eta besteak bezalako neskato bat izatera helduko duzu — beranduegi ez bada...».
«Baina ez duzu aditzen, ez ahal dautzut esan ez dudala joaten utziko?» berriz ere oihu egin zion, hamorraturik, eskumuturrak borobiltzen zituela, eta aulkitik jaikita bestearen gainera jauzi egitera prest. Etenik gabe aurpegira botatzen zion: «Ez! Ez! Ez!» gusua beldurtu zen egiaz; behingoan zutitu eta, hasi zen ateari buruz ihes. Baina gizona ez zerraiola oharturik, atean geratu zen, hatsa labur eta begitartea zuri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario