2010/04/21

37. Pasartea


Biharamon goizean Theresa jaiki zen usatu bezala, eskolara joateko. Susmatzen zukeen haurrak besteak ez bezalako egun bat izanen zela hura, haren geroaren erabakitzaile... Baina, zer itxaron zuen ere, aita besoetakoak agurtu zuen ohi zuenaz, musu arin bat bekokian emanaz, eta ezer ez zion esan biak gosaltzen ari ziren artean. Eta gero, gosaria janik izan zuenean, eskolara utzi zuen joatera beste egunetan bezala, nahiz harako gogorik guti zedukan ausaz neskatoak. Damu zuen joatera utzi zuelakotz — arrats-aldean ordea...
Bakarrik egon zenean hasi zen sakonki pentsamendukatzen eia zer neurriak hartu behar zituen ordutik aurrera Theresak eta elkarrekin eramanen zuten bizitzaldi berria ondore oneko izan zekientzat ikusgune orotatik. Oraindik ez zuen erabaki haurra eskolan utziko zuenetz, ala beti etsean berarekin gordeko zuenetz, bera izaki haren irakasle, haren maisu, haren agintari bakarra. Hala eginaz, neskamearengandik ere askatu ahal izanen zen, Theresa xikia bailuke zerbitzaritzat — eta neskatoaren laguntzarekin ezagutu nahi zituen poz bakan guztiez merezi zuten bezala gozatzekotz, eragozpenik eta gibel-asmorik ezean, askatasun oso bat behar zuen inor jakile gabe, inor so egile gabe... Beharbada, herritik kanpora joan beharko zuten ere. Baina Isabela izan zen elorria bere haragitik kendu ahal izan zuen ezkero, beste zer guztiak errezak izanen ziren, astia ba zuen erabakitzekotz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario