2010/04/21

80. Pasartea


Theresa bere hartan zegoen, «Ez nauk joanen, ez itzak utz eraman nazaten!» berriro eta berriro esanaz. Gizonak so egiten zion erantzun gabe, ezpainak isilik higituz bihotzaren elkar-izketari Theresaren arimarekin jarraikitzen zitzaiolarik. Bet-betan haurrak oihu zuen: «Ez nauk joango! Nahiago diat hil!».
Zurbildu zen gizona; begiak jasan zituen neskatoarengandik, leihotik zeihar urruti so egiten zuela, urrutira. Atzera haren aldera inguraturik, azkenean, esan zion geldiro: «Baina, Theresa, ez dakin zer dionan, heriotzea zer den ez dakin gaixo horrek». Haurrak burua astinduz «Bai ba zekiat!» erantzun zion berehala.
—«Eta nondik dakin, Theresa xikia?» galdegin zuen, haurraren seriostasunak gogo-garaitik irribarre argal eragiten ziola.
—«Ba zekiat hire esanetik, eta hire liburuetan irakurririk». Ba zitekeen, bai... ba zitekeen haurrak hark bezainbat zekiela — edo hark bezain guti... Zer garraintsia zuen hori egia ala irudipen bat izateak, batak edo besteak laguntzen bazituen biak bide itzal, itzultzerik gabeko hartan gaindi, ordua etorria lizaikeenean? Neskatoaren aurpegiari begiratzera menturatzeke, mintzatu zitzaion berriro: «Eta ez haiz bildur, Theresa?»
—«Ez, enekin izanen haizen ezkero?» ihardetsi zion, bihotza urratzen zuen sukar batekin. So egin zion: haren begitartetik, ordea, agiri zen beldur zela... Luzaro ez zuten arreagi hitzik izan... minutak eta orduak uzten zituzten hiltzera, bata besteari estuka heldurik, bata bestearen gogoetak iragarriz noski.

No hay comentarios:

Publicar un comentario