2010/04/21

52. Pasartea


Arrats batean, horrela biok jatetse batera afaltzera joan zirelarik, Isabelarekin gertatu ziren. Neska ez zegoen bakarrik; bizpairu mutil gazte ba zituen laguntzaile, gizonak ezagutzen ez zituenak. Isabelak berehala ikusi zituen — eta iruditu zitzaion haren aurpegi gorritua zurbildu zela behingoan; baina bere fleitera itzuli zen arin. Agurrik ez zion egin senargai izandakoari; irrino ironiko bat ezpainetan zuela, makurtu zen haren eskuinean eserita zegoen mutilaren aldera eta zerbait esan zion belarrira. Mutilak burua eraiki zuen, eta ozarki so egin zien Theresari eta gizonari. Honek ez zituen begiak inguratu... ez zen eskandalo baten beldur. Isabela eta haren zaldun-laguntzaile berria ziren lehenik nekatu, eta bere mahaikideon hizketaldiari lotu zitzaizkion berriro. Haurra ez zen andere gaztearen hor izateaz konturatu eta deus ez zion esan nahi izan aita besoetakoak. Emaztegaiaz askatu zen garaia ezkero sekula ez zuen harekin izana, ez haren izenik ere Theresarekin aipatu. Behin ordea aipatu beharko zion... haurrak haren bizi guztiaren berri jakin behar zuen barkamendu eman ziezon Isabela eta emakumeekin ibiliz egin zuen bekatuagatik. Theresaren barkamenduaren gai izanen ahal zen behin.
Oraindik ez zuen haurrak haren aitzinean biluzten ikasi. Orain artean, isileko hitz-armen bati jarraikiz, gizona baino lehen joaten zen lotara; eta hau lo-gelan sartzen zeneko, ohean zegoen jadanik, estalgi-petan ezkutaturik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario