2010/04/21

45. Pasartea


Haurraren gelera igan ziren. Botza ikara, korapilo bat baitzuen eztarrian, esan zion: «Gaurgero, Theresa, ene gelan egonen haiz, enekin lo eginen dun gauero. Nahi dun?» Ia entzun ez zitekeen botz xiki batekin «Bai» ihardetsi zion haurrak, baina gorritu zen. Orduan agindu zien bere jantzi, liburu eta maiteen zituen gauzak oro bil zitzan, beraren gelara eramatekotz.
Kadira batean eserita, mugitzeke begiratzen zion haurrari, bere gauzak bilatzen eta biltzen ari zelarik. Ikusgarririk hukigarriena!... Serioski, osoro bere aukera-lanari emana, Theresak gabinet eta gau-mahaiko ateak zabaltzen zituen, tiraderak irekitzen, bazter guztiak zokokatzen deus ez ahazteko. Eta ezin egon zen geldirik haurraren bizi ezkutua horrela begien aurrean agertzen zitzaiolarik; zutitu zen eta hurbildu zitzaion: nahi zuen Theresaren soineko zen jantzi oro eskutan hartu, Theresaren larrua hukitu zuen oihal oro aztatu, Theresak irakurri zuen liburu oro ezagutu, eta haurrak baztertzen zuen bitxi edo jostagailu orori so bat eman, gogoan ikertzen zuelarik zergatik neskatoa holako edo halako gauzari atxikia ote zitzaion. Pentsatzen zuen: «Hemendik aurrera, nik aukeratuko dizkiodan jantziak jantziko ditu Theresak, nik aukeratuko dizkiodan liburuak irakurriko ditu».
Haurrak berarekin gorde nahi zituenak oro bildu izan zituenean, gizonaren gelara jautsi ziren. Zer solasa, eta zer erru-gabeko poza harena orduan, Theresaren ondasun xikioi bere gelan leku bat bilatzen zielarik, haurraren eskola-liburu eta lankeiak bere liburutegian edo idaz-mahaian kokatzen zituelarik!...

No hay comentarios:

Publicar un comentario