2010/04/21

49. Pasartea


Egunero, eskola-ondoko irakaskintza-ordu horietan, aberastun berriak edireten zituen gizonak Theresaren nortasunean. Haurrak esaten zion guztian, egiten zizkion galdeeretan orotan, ezer ez zitzaion kontu gabeko. Itaune egiten zion eskolako maisu eta neska-lagunen gainen, eta harriturik uzten zuen Theresa isil, herabeti horrek jendeen ezagutzeko eta epaitzeko zedukan zihurtasunak. Agindu zion egunean jazo zitzaizkionak oro, pentsatu, esan edo egin zituen guztiak, kontatu zietzon zeheki, deus ere ezkutatu gabe; zenbait aldiz, Theresak susmatzen zukeen haurkeria bat zela esatera zoan gertakizuna eta hasitako esakuna amaitzeke uztera zen; orduan aita besoetakoak manatzen zuen lotsarik gabe mintza zekion eta haurrak, bere baitango konfidantza berriz bildurik, dena agertzen zion, ez hura baino hiru aldiz zaharrago zen gizon bati bezala, baina haren gogoa uler zezakeen adiskide bakarrari bezala. Emeki lortuko zuen Theresarengandik hasieratik irrikatzen zuena: haien elkarrekilakoa adinaz eta aldiaz lekoreko izatera hel zedin.
Baina haur bat baizik ez zen oraindik Theresa, hamaika urteko haur eme bat, eta askotan ba zirudien gelditu nahi zela biek elkarrekin segitzen zuten bide horretan, beldur edo nekaturik izan baliz bezala, aurreratzeko herabe, aurrera zeraman urrats bakoitzak haren haurtasunaren tesoroak urrutiago uzten zituelakoan. Harnasa hartzeko baizik ez zen gelditzen ordea; eta duda-mudazko aldi horietatik landa sekula baino samurrago eta malguago izaten zen, bere buruari barka-erazi beharrez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario