2010/04/21

70. Pasartea


Nola ere baitzen, aski bihotz izan zuen azkenengo mehatxu hau egoztekotz: «Zuk nahi ala ez, gaurtik hamar egunen barru hemen izanen nauzu berriro, Theresa etxe madarikatu honetatik urruti eramatekotz; ene damu bakarra duzu oraindik hamar egun zurekin utzi behar baitut... Eta gogoan har ezazu, edozertan eragozten banauzu haren bila etorriko naizelarik, ez dudala den gutien lotsarik izanen hiri-zaintzari dei egiteko!». Gizona, ukaldi bat buruan hartu izan balu bezala zurturik, bere aulkian atzera jar eta mugitu gabe egon baitzen arte guztian, gaineratu zuen, ate-barruan zegoelarik oraindik baina kanporako bidea bet-betan hartzeko gertu: «Zuretzat, zoritxarreko horrentzat, aholku hau baizik ez dikezut: Hobe zenuke sendakin bat ikustera joan...» eta kanpoan itzali zen.
Ez zen mugitzen, begira zegoen inguruko paret, eta muble, eta altzariei; paretetako tabola eta liburuei mublen gainean zeuden irudi eta antze-lanei, eta leihotik kanpoan agiri ziren parkeko zuhaitz hostodunei — azkenekotz urkabe baizik ez baitziren. So egiten zion denbora neurtzen, denbora zauritzen ari zen ximinia-gaineko herlojuari — eta deus ez zuen ikusten. Deus ez zuen somatzen. Bere ohiko egoitzan zegoenik ez zekien areago, ohiko mundua eta izarrak eta izarbelak, gizon eltxo bati gertatuaz ez-ajolaturik, beren betiko ibilbidetik zebiltzala ahazturik zedukan. Gau eskerge bat baizik ez — ez beltz ez izarniatua, baina irungia eta uger-kolore... Bere baitaratu zenean, eta gogamena etorri zitzaionean ostera, konturatu zen gorputza oro kordoka zedukala. Gorputz guztitik dei egiten zion barruko etsipenak... Ailitz betiko sorgor egon!

No hay comentarios:

Publicar un comentario