2010/04/21

66. Pasartea


Elkar agurtzen zutelarik, besteak ez zion irribarre baten itzala ere egin, eta ezetz esan zuen hark edatera eskaini zionean. Gizona eseri zen berriz, gusuari galdeka begira, indar eginaz besteak haren eskuen ikaratzea ikus ez zezan. Jadanik iragandako filme bat izan bailitzakeen, esanen zukeen zer entzun behar zuen harengandik, eta zer hitzetan... «Barka gaitzitzen ba zaizu, hasi zen, zure onetan etorri nauzu...» eta nazka ezin esanezko batez beterik estanda egiteraino okaztaturik so egiten zion etseko jaunak, horrela itzul-inguruka eta haren aldera begiratu gabe mintzo zitzaiolarik. Urde zikintsua, burjes xiki estu zikina, merezi huke leher henzadan Theresaren izena heure aho likitsaz aipatzera ausartu haizelakotz! oihu egiten zion isilki... Jabaldu behar zen ordea, eta bere buruaren jabe egon; bere higuina ezkutatu behar zuen, bere burua apaldu, bere ohorearen minberatasuna hilduratu... errautsetan ere narrastuko zen, gizartearen indarraz eta ankerkeriaz harmaturik zetorren gizon hura maltzurkeriaz agaraitu beherraz. Ez ledila ibil Isabelarekin egin zen bezala, haren bizia zena galtzeko zorian ez ifintzeko! Isabela... hark zion noski gusu horri haren eta Theresaren berri eman... Pentsatu behar zukeen bide oroz baliatuko zela emakumea bere burua mendekatzekotz, zer eroa izan zen bera sekula uste izateko jasan zuen laidoa —nahiz merezitu izan— ahaztuko zuela emeak edo lotsak isil-eraziko ziola!

No hay comentarios:

Publicar un comentario