2010/04/21

68. Pasartea


«Haurra umezurtz gertatu denean eta neure etsean hartu dudanean, guztiok laudatu nauzue —bai, elorri bat haragitik kentzen zien diruzale berekoi haiei...— eta ez dizut ikusten zergatik orain zuen gogoa aldatu duzuen... Gauzek orain artean bezala iraun bezate, Theresa hemen egon bedi — atsegin duen artean bederen...» jarraitu zuen ausartki. Lehen gusua bere onetik ilkitzera zoan; ekurugaitz agiri zen, eta ez batere bere aisean areago, azkenean beharko garbiro hitzegin. «Bai, atsegin duen artean», hasi zen, hasarreturik, «ez dizut, ez, dudatzen emanen diozula... Hainbat gaizto zure minberatasunarentzat nahi ba duzu argi mintza nakizun... Ala uste zenuen ezkutaturik gordeko zenuela zeure jokabidea haur gaixoaren aldera? Baina guztiek ba zekizute!... Ezin iraun dezake horrela gehiago, gure etsearen izen ona galtzera ez zaitugu utziko... lehen aldikotz duzu hori gertatzen gure senitartean... lehen aldikotz bai herri honetan orotan...». Theresaren aita besoetakoa beha zitzaion, deus ihardetsi ezin, liluraturik bezala. Egia zen beraz guztiek ba zekitela Theresaren eta haren berri; gauaz elkarrekin ateratzen zirelarik ba ziren zelatan zeudenak, heien bien ezkutapena salatu baitzioten faimiliari, ba zen Isabela urdanga lotsa galdutakoa, familiari dei egin ziona noski... Baina gusuak horiek guztiek eman zitzaioketen baino berri zeheagoak ba zekizkien eta, nazkatuarena eginaz mintzo, hitz-erdika adi erazten zion etsean iragan zen orotik ezer ez zitzaiola isilean egon.

No hay comentarios:

Publicar un comentario