2010/04/21

22. Pasartea


Theresa filosofia ikasten... Theresa latin eta grekoa ikasten... Theresa hark moralari eta gizarteari buruz zituen dotrina garratzak ikasten, ulertzen, onartzen... Oro har, ez zen burutasun zoroa... Erabakitzen bazuen jakintza-gairen bat edo beste alaba besoetakoari handik aurrera berak irakatsiko ziola, aitzakia bat ba zukeen harekin bakar bakarrik egoteko, bibliotekan edo haren gelan, Isabelarekin ezkondu ondoren ere; ez zuen uste andregaiak behaztoparik ezarriko zionik, kontuz ibiltzen baziren behintzat. Aspergarri izanen zitzaizkion irakats-aldi horiek eta trankil-trankilak utziko zituen biak. Maltzurkeria xiki horrek alaiturik, irri egin zuen, eta Theresak burua eraiki zuen, igurika. Baina liburua itzuli zion gizonak, eta galdegin: «Heure lezioa ikasi al dun?». Haurra beste zerbait entzun haiduru zatekeen eta haren aurpegian agertu zen poz galdekorrak alde egin zuen, botz xiki batekin erantzuten ziolarik: «Bai, ba zekiat». Ez zekien, ordea — liburua aitzakia bezala baizik ez zukeen hartu; eta gizonak esetsi zion zorrotz samar: Ez haiz langile, Theresa, deus ez dun ikasten, deusik! baina haren begietako barreak gezurtatzen zuen zorroztasun hori. Jarraitu zuen hala ere: «Bai, Theresa, merezi huke zigor henzadan, haur alfer bat baizik ez baihaiz, baina...». Theresa zigortuko? Inoiz ez zuen egin, inoiz ez zitzaion gogoratu ere egitea! Gaixo Theresa, pentsatzen zuen, ni baitan irakur ahal baheza ez hintzateke ene beldur, hire begiek ez lieukedanate ene bihotz-min gozoa den haur-izu urragarri hori erakutsiko...

No hay comentarios:

Publicar un comentario