2010/04/21

63. Pasartea


Gerorako errukiz beterik so egiten zion aldamenean lo zuen neskatoari, haren loaren gainean beilatzen zuelarik. Sinbolo bat baizik ez zela ulertuko ahal zuen Theresak.
Udako egunak aurrera zoazkien. Zenbat aldiz ez ziren egon itsaso adiskidearen ikusmenean, biak isilik eguzkiaren galdan, biek bata besteari oro salatu ondoren — eta nahiz betiko eleak zerabilzkiten elkarrekin, zentzu bat egunero beteago eta osoagoa hartzen zuten eleok. Laster eskolak bukatuko ziren eta bakantzaz joanen ziren biak udazkeneraino. Ez zekiten oraindik nora. Nahi zuen Theresa berarekin eraman atzerriko lurralde urruti, harentzat berri eta ezagun-gaberik izanen zen batera... Hegoaldeko herri eguzkitsu eta koloredun batera? — eta jadanik haurra ba zekusan berarekin itsasoko ur epeletan iherika, edo, Aitzinateko hiriak eta herriak ikuskatzen zituztelarik, museoetan edo harri zaharren artean Theresa seriosa, oroitzapen eta antze-lanei begira, hark ematen zizkion azalpenei beha... Ala ametsaren iratzartzaile den Ifarralderantz ziren ote joanen, bere urratsak oihan sakonetan barrura ezkutatzera, edo-ta, itsas-nesken dantza-leku izandako arkaitzetan eserita, uhinen eta bere bihotzen musika uzuari entzutera? Theresak berak zuen aukeratu behar... Egunero turismo-liburuxkak irakurtzen zituen, haren irudimena atzerriko lur misterios horietara zeramatenak — baina egunero gogoz aldatzen zen: Ifarraldean, eta Hegoaldean, eta munduko gune guztietan izan nahi baitzatekeen harekin. Udazkenerako bere herri eta etsera itzuli ziratekeenean, haurra ez zen areago eskolara ibiliko; berarekin etsean edukiko zuen beti aita besoetakoak, arima, gorputz eta gogo beti eskumenean; eta Theresak ez zuen orduan bere lagun gazteetatik inor ikusteko baimenik izanen... aldendu behar zen haunditzen ari ziren beste haurrengandik. Hori eskatu zion aita besoetakoak, eta Theresak zin egin zuen hala eginen zuela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario