2010/04/21

93. Pasartea


Biharamomean goizean goizik joan zen komisariara. Ba zekien inkesta bat izanen zela bezperako gertakizunagatik, eta egun hartan bertan haren galdekatzera etorriko zirela. Inola ez zezakeen egun hartan bere askatasuna gal! Horrengatik aurrea hartu zien eta berez esan zien... jakiteko zuzena zuten guztia. Ez besterik... Atzera-galderarik gabe behatu zitzaizkion «ez-beharra» nola gertatu zen jaulkitzen zielarik. Baina, nahiz lekuko batek ikusi zuen haurra salbatu nahirik ahaleginka, ba zekien mesfida zirela. Nola ez ziratekeen... Aisa ohartuko ziren urez bezainbat alkoholez blai eginik zegoela salbatzaile ergel haiek leihorrera ekarri zutenean... eta bestalde, xede oneko jende moralzale batzuek eman zioketen, noski, Theresaren eta haren bizieraren berri... Inkesta jarrai bezate gura duten bezainbat, pentsatzen zuen amaitu zuenean, gure ezkutapenak oro ager bitzate, bai, atsegin badute, eta haien irakaskintzarako eta eraikidurarako izan bedi ikasiko duten guztia! Joatera uzten zuten ezkero... Polizi-buruzagiak eskatu bezala, zin egin zuen herrian egonen zela, haien eskumenean, gauza dena garbi arteraino. Eta ilkitzera utzi zuten.
Ez zen bere etserantz abiatu. Ez itsasoari buruz ere. «Theresa, itxo egin, ekuru-gaitz ez izan!» esaten zion neskatoari, «Ez dadila hire botza hain hozen izan, jendeek entzunen dinate bestela, eta berriz ere gure bereztera saiatuko ditun... Theresa, barka, gure maitasunaren ezkutapenik salatu badiet ergel horiei nahi-gabetatik... Gure mendekantza duken haien jakite hori! Ala erdeinuz barkatu dien jadanik? Ala mendekuaz eta erdeinuaz bestaldean izan behar gara oraindanik?...

No hay comentarios:

Publicar un comentario