2010/04/21

95. Pasartea


Eta xalupek bere bilaketa alferrari amaia eman ziotenean azkenekotz, kostan egon zen oraindik, ez goibel, baina etsiturik, eta gogoetatzen: «Nago ulertu duten, haien etsean ibiltzen nintzelarik, zenbatetaraino begietsi izan ditudan! Lehenago ezagutu banitu, hobeki lagunduko nituen, hobeki lagunduko genion elkarri... Nago ikusten nautenetz orain, bere uharte dohatsu haietatik, eta ene bihotzean irakurtzen dutenetz...». Baina haizeak eta uhinek baizik ez zioten erantzun... ez zen haur edo gizon zoriontsu baten botza ezagun haien artetik... urrunegi ziren jadanik. Beranduegi esnatu zen... ez zuen balio itsas-bazter huts hartan luzaroago egon zedin, pentsatu zuen hats-behera batekin; hirira itzuli baino lehen, orea, azken begirada bat eman zion, isilik, iluntzen ari zen ur berdeari eta, behingoan, uretara jaurti zuen eskuinean zekarren urrezko zaldun-eraztun bat, itsasoko jainkoari oferenda. Ez zen ankerra izan biontzat.
Hirian sartu zenean pintorea, bere bakartasunaren azta jasan-ezina zedukan. Ez zuen lagunik, ez zuen gerorik — amets bat baizik ez, gerorako laguntzat, eta amets alferra... Zer egin beahr zuen? Gizona eta haurra — eta Isabela, neskamea, gusua... ordaintz-erazi behar ahal zien oraindikbizi zirenei haien ankerkeria bi maitarien aldera? Baina nola?... Erdeinuak gehiago balio zuela ikasi zuen... Gizona eta haurra pintatuko zituen elkarren besoetan, bere oroimen amultsua gidari; haien elkar-maitatzea izan zen mirariaren historia kontatuko zuen, bere bizi guztirako gomutagarri. Huts eta hutsune bat izanen zen haren enparantzako bizi guztirako... Miraririk ez zen berriz izanen, jainkoek ez zioten hari Theresa bat emanen... beranduegi otoiztu zituen, Inolaz ere ezin sar zitekeen gaur bere etsean, bere etseko jende zintzo eta zuzenen artean! Paseianten ajolarik gabe negarrez ari zela, karrikako lehengo ostatuan sartu zen, bere amets etsigarria alkoholean itotzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario