2010/04/21

91. Pasartea


Pentsamendu hori baizik ez zitzaion gogoan geratzen, eta tai gabe hitzok berresaten zituen hortz tinkatuen artetik: «Helduko gara, helduko gara», leihorrari buruz geroago eta nekezago, eta ahulkiago, indarka egiten zuelarik. Bai eta uhin eskerge batek, itsasoko jainkoak igorri izan balio bezala, jo eta uzkaili zuenean ere, Theresari uko egitera bortxatzen zuela, oraindik esaten zituen zoratuki, etsituko. Gero deus ez gogoaren gaua baizik...
...Leihorretik ikusi zituen pasaiari bakarzale batek ez-beharra berehala seinalatu zuen. Haien salbatzera lehiatu ziren xalupak eta iherilaliak beranduegi heldu ziren, ordea. Haurraen gorputza hondatua zen; uraren oldarrak engoiti ba zeraman hainbat gutiziatu zuen zabalarantz, Gazteen Lur hainbeste amestu hartaraino... Gizona bakarrik zuten eriden, eta leihorrera eraman. Ez zen hilik... Hiri-zainen etseko gaixotegian, nekearen nekez izan bazen ere, bere baitara erazi ahal izan zuten; eta begiek ireki zituen orduko aditu zuen Theresa joana zela — betikotz. Hiri-zainek egiten zizkioten galderei ez zien deus erantzun nahi. Zertarako jakin nahi zuten?... Zergatik ez zuten bakean uzten?... Theresarik ez zen gehiago mundu honetan — eta uste zuten ergel horiek bera mundu honetako zela oraindik, haien galde zoroei ihardesteko nekea hartuko zuela? Utz zezaten bakarrik... ez zen mintzatuko. Ondorio gabeko galdekatzeaz asperturik, azkenekotz amore eman zuten. Ezagutua zen gizona, etse on bateko seme zen... ez zezaketen bortxa. Haien jakin-gurak biharamon artera itxo eginen zuen, baina orduan mintzatu beharko zuen nahi ala ez! Bitartean, ez zuen noski ihes eginen... Eta polizien buruzagiak agindu zuen beraren etsera lagun zezaten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario