2010/04/21

7. Pasartea


Edaten ari zen, emeki baina lasaiki, eta pattarra bur-muinak berotzen hasia zitzaion eta pentsamendu minak sorgortzen — azaletik baizik ez, ondikotz! Ba zekien aski zuela sakonkixeago pentsatzea, berriz ere bihotz-min ezin aitortuzkoa eratortzekotz, inoiz baino mingarriago. Beharko zuen bai askoz behiago edan oheratu baino lehen; beharko zion vodkak egiazko mozkorraldi bat eman, lo egiteagatik soilki — ametsik gabeko lo astun, ahatz-erazgarri bat. Goizera artean, soilki. Goiz ozkirriak berriz ere betiko mundua esna eraziko zuen, harentzat ihesbiderik gehiago ez zukeena. Eginbide estutik ibiliko zen handik aurrera, eta zintzo guztien goraipuak merezituko zituen hark ere. Ai! vodkak krea ahal baleza berekiko mundu bat, zoroa, burzoratua, bainan Isabelarik, neskamerik, ezagunik, gezurrezko eginbiderik behintzat aurkezteko ez liokena... Theresari begiratu zion, zeiharka, dudan-mudan zegoelarik eia beste godalet bat edanen zuenetz.
Ohartu zen haurrak bere liburua utzi zuela neskameak Isabelaren telefon-deiaren aipamena egin zuenean, eta haiei so jarri zela, geldi-geldia. Gogoan zer zerabilkeen? Zeri igarri ote zion? Edatea zer den ez dakizu bederik, oi Theresa, pentsatzen zuen bere mozkorrean, eta ez duzu ajolarik neure burua iltzeraino vodkan murgil nadin gaur, ez nauzu horrengatik gaitzetsiko zuk... eta barruko irkaitz batekin irentsi zuen godalet betea.
Lotsa apur bat senditzen zuen hala ere, apur bat bakarrik. Alabaina, edan ala ez edan, ez al zen oro berdin, guztia orobat? Beraren gaztaroko egunak ber-irazaten zituen bere gogoan, mota guztietako alkoholek koloraturiko egunak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario