2010/04/21

39. Pasartea


Eta bera baino askoz indartsuago ziren besteok, askoz trebeago, askoz erruki-gabekoago bere nahia lortzekotz! Bai bera baino askoz ankerrago ziren, on eta zuzen horiek, lagun hurkoari min egiteko jakintzan, Ontasunaren eta Zuzentzaren izenean. Bere moralkeria buztinezko oinak dituena zutik gordetzearren, gudu eginen zieten noski Theresari eta berari. Baina ez zuen amore emanen. Ez zuten amore emanen. Legeak estudiatuko zituen, jakiteko zer ziren haurraren gainean uzten zizkioten eskubideak. Hobeki, lege-gizon baten aholkua eskatuko zuen — baina zeini ausartuko zen bere ezkutapena salatzera? Zer nahi izanik, gogor eginen zuen azkeneraino. Bezperan, Isabela hiltzera gertu izan zen; eta hala-beharrez, bera ere errukirik gabe oldartuko zitzaion bere zorionaren edozein etsaiari.
Gogoeta horiek zerabilzkien sutondoko zitzailuan eserita, kontu eman gabe begiratzen ziolarik mahaia eraikitzen ari zen neskame zaharrari. Baina horrekin ere mintzatuko zen egoki zen eran...
Isabelak ez zion areago bidea eragozten... hala ere, perilgarri baita beti emakume iraindu bat, lehen baino lehen neurriak hartu behar zituen andregai izandakok ez lezan denborarik ez aldirik izan nahaspilen bat sortzekotz. Beharbada, egun hartan bertan ikustera etorriko zitzaion berriz ere lotsa gabeko hura, haren erabakiak nola ere baita galerazi beharrez. Ez zuen ikusi nahi! Eskutitz bat egin zion, motza, haientzat bientzat atzera joaterik ezin zitekeela izan azalduz; beste azalpenik ez zion ematen, ez eta jo zuelako desenkusarik egiten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario