2010/04/21

90. Pasartea


Theresa, hunkiduraren indarragatik, alditxarturik zegoen haren besoetan, begiak itxita, sudur-zuloak zabaldurik, aurpegitxoa zuri-zuria. Ez zuen muntarik! Entzun zuen, bai... eta bizi zen... bere eskuaren pean haren bihotza joka nabaitzen zuen. Ez zen hilen, ez zuten batak ez besteak hil beharrik elkar maite zuten ezkero... Ihes joanen ziren gaur bertan atzerrira, itsasoaz bestaldeko atzerri urrun batera... Eta itsaso maitean hiltzeko sartu ez balira biak, inoiz ez zuen beraz ulertuko zenbatetaraino maite zuen, eta nola ez haur bat zelakotz bakarrik, ez garbi eta zuri eta horaila zelakotz emakume ezainen aldean, baina Theresa zelakotz!... Bizi behar zen, bai, haren bizia izatekotz! Eta beste jendeek harengandik erauziko balute? Bizi behar zen halaz ere... Kentzen bazioten besteek, itxo egingo zion, igurikiko zituen behar ziratekeen hilabeteak eta urteak, eta harekin ezkonduko zen, jendearen gaiztakeriak indarrik ez lezan ukan haien kontra, beste maitarien antzora beren zoriona goza ahal lezaten elkarrekin, biak elkarrentzat bizi izanaz, Zoriak nahi izanen zukeen bezain luzaro!
Nekez zoan aitzina, alde batetik haurraren gorputz gonorte-gabetuak eragozten ziolakotz eta bestaldetik edan zuen vodka guztiaren pisuak... Baina kostara helduko zen, ez zen urruti, ez zen hain urruti... itsasoko jainko onak bizia barkatu bazion Theresari, segurki helduko zen itsas-bazter salbagarri hartara...

No hay comentarios:

Publicar un comentario